Sandra Piñeiro, anorexiaren kontra arraunean

  • 444 hitz |
  • 2 minutu

Sufrimenduaren oinazean kateatu, eta elikadura nahasmendua izan du Sandra Piñeiro Orioko arraunlariak. Inguruko jendearen babesari esker ilunpetik ateratzea lortuta, liburu batean bildu ditu prozesuan bizi izandako egoerak, tabutzat jotzen den gaixotasun hori normalizatzeko xedez.

Jaiotzetik du lotura arraunarekin Sandra Piñeirok (Boiro, Galizia, 1996). «Bizitza» da harentzat. Gaztetxoa zela jesarri zen lehendabizikoz tostartean, Cabo da Cruz arraun elkartean. 2018ko udazkenean, sorterria atzean utzi eta Oriora (Gipuzkoa) zihoan olatua hartu zuen. 

Pertsona «irekitzat» du bere burua Piñeirok. «Kirolean, berriz, perfekzionista, konformagaitza eta exijentzia handikoa naiz». Sufrituz gozatzen omen du eliteko kirolariak, baina muturreko bi aldeak marraren gainean orekan mantentzeak badu bere muga. Piñeirok «erabateko desoreka» bizi izan du. Sufrimendura jauzi zen.

«Kontua ez zen irabazi ala galtzea, perfektu egitea baizik. Baina ezer ez da perfektua, eta hor nuen arazoa».

«Kontua ez zen irabazi ala galtzea, perfektu egitea baizik. Hor nuen arazoa».

Sandra Piñeiro (Arraunlaria)

Kirolari batek errendimendu ona emateko zer jaten duen zaindu behar duenez, aitzakia hori hartu, eta elikadura gero eta gehiago murriztuz joan zen. «Halako batean, entsalada eta lau fruta soilik jaten nituen». 2016. eta 2017. urteetan hasi zen elikadura nahasmendua pairatzen. «Baina orduan ni ez nintzen inolaz ere ohartzen, eta ingurukoek ere ez zidaten ezer esaten; agian, gaia delikatua zelako».

Ohartzerako, ordea, osasunean ondorio kaltegarriak jasaten ari zen Boirokoa; barrua txikitua zuen. «Analisiak oso gaizki nituen; bi urte neramatzan hilekorik gabe; umore txarra nuen; ohartu gabe, apurka-apurka, nire gorputza itzaltzen ari nintzen... Ez zegoen atzera-bueltarik».

Ingurukoei laguntza eskatu zien, «beldurrez». «Bizitzen ari nintzena esateagatik gaizki sentituko nintzela pentsatzen nuen, baina ez zen hala izan. Nire barrua guztiz hustu, eta bizkarrean nuen motxila astuna arinduz joan zitzaidan». Behin egoera onartuta, Acabe-ra joan zen, Anorexia eta Bulimiaren Kontrako Elkartera. «Han ezagutu nuen nire psikologoa, eta oraindik ere harekin jarraitzen dut».

«Nire barrua guztiz hustu, eta bizkarrean nuen motxila astuna arinduz joan zitzaidan».

Sandra Piñeiro (Arraunlaria)

Orain «hobeto» sentitzen da, baina baditu bere «gorabeherak». «Egun batzuetan triste egoten naiz». Baskulak oraindik errespetua ematen diola aitortu du. «Zenbakiekin obsesioa dut. Denbora asko daramat neure kabuz baskularen gainean jarri gabe. Eta pisatzen banaiz, ondoan nire jarraipena egiten ari direnentzat da. Eurek soilik dakizkite nire datuak». 

Sendatze prozesua luzea den arren, baikor mintzo da. Tratamenduan idazteak asko lagundu dio: «Irekia naizen arren, asko kostatzen zait barnekoa azaleratzea. Neure burua ulertzeko ere asko laguntzen dit idazteak».

«Neure burua ulertzeko ere asko laguntzen dit idazteak».

Sandra Piñeiro (Arraunlaria)

Maite dituenei kontatu ondoren, urrats bat gehiago egitera ausartu zen: beldurrak eta zalantzak uxatu, eta, 25 urte egin zituen egunean, sare sozialen bitartez jakinaraztea erabaki zuen. Gaixotasunaren berri eman bakarrik ez, liburu bat ere argitaratu du: Remando en la oscuridad [Ilunpetan arraunean]. «Nik bizi izan dudana eta bizitzen ari naizena kontatu dut. Elikadura nahasmenduari buruz hitz egitea tabua denez, arazoa duenak lotsa, segurtasunik eza, beldurra eta abar izaten ditu. Geure burua zomorro arrarotzat hartzen dugu. Nik gai hori normalizatu egin nahi dut, eta isiltasuna apurtu». 

Jatorrizko artikuluak